BIZITZA
Ezer gutxi dakigu autore honen bizitzaz. Dakigun apurra, beraren liburutik dakigu. Behe Nafarroako Eiheralarre herri ttipiko erretore izan zen. Preso ere egon zen. Honi buruz olerki bat egin zuen: Mossen Bernat Etxepareren Kantuya. Dirudienez, arrazoi politikorengatik egon zen gartzelan: Etxepare, Gaztelako errege Fernandoren alde atera zen nonbait.
IDAZLANA
Linguae Vasconum Primitiae. Bordelen 1545. urtean argitaratua. Euskaraz ezagutzen dugun lehen liburu inprimatua.
Liburuak, sarrera bakarrik du prosan. Beste guztia poesia da. Beraz, poesi liburua dugu. Denetara hamasei olerki: lehenengo hirurek erlijioa dute gai; hurrengo hamarrek maiteminduen atsekabe eta atseginak dakartzate; ondoren, gartzelan egon zenekoaz ari da; azkeneko biak, berriz, euskararen omenez eginak dira.
ERITZI KRITIKOA
Kritiko guztiak ez datoz bat Etxepareri buruz eritzia ematerakoan. Julio de Urkijok ez du berotasun handirik haren alde: «Todos convienen en que Detxepare no fue un gran poeta, aun cuando no falta belleza en alguno de sus versos» [1]. Oraintsu arte, oro har, gutxi estimatua izan da. Baina, orain, gero eta estimatuagoa gertatzen ari da. Gaur egun, denek hartzen dute poeta arkaiko, baina baliosotzat: Ariztimuño «Aitzol»ek, Lafon-ek, Gil Reicher-ek, Leizaolak, Mitxelenak, I. Sarasolak eta abarrek oso ontzat daukate; horietako zenbaitek, gainera, gailenekotzat dauka; Leizaolak honela dio: «...no sin hacer constar que considero a Etxepare como uno de nuestros más grandes poetas y a Judizio Jenerala como una de las cinco o seis más notables poesías producidas en lengua vasca» [2].
Etxepareren hizkera, poesi estilo eta moldea, arkaikoak dira. Nahiz eta «Berbizkunde»-garaiko gizona izan, Erdi Aroko autorea dirudi. Etxeparek egin zuen lana, hurrengo mendeko apaizetan, Trento-ko kontzilio ondorengoetan, pentsatu ere ezin zitekeen. Euskal literaturan, herri-poesian bestetan ez dugu horrelako izpiriturik aurkitzen. Amodiozko poesietan darabilan expresio erabat librea eta sentsualitatez betea, haren ondorengo olerkarietan ez dugu ikusten.
Bestalde, fede handiko gizontzat agertzen da; Andre Mariarenganako eraspen sakonekoa. Hori garbi nabarmentzen da erlijio-poesietan. Fede sendoa batetik, eta giza errealitateak beren gordintasunean agertzeko egizaletasuna bestetik. Etxepare, batez ere, errealista da, eta ez dabil edertasun ideal eta platoniko batzuren atzetik.
Gartzelan egon zela gogoratzen digun Mosen Etxepareren kantuya poesia, patetismo handikoa da. Azkeneko bi poemetan aurkitzen dugun euskarari buruzko garra ere aipatzekoa da.
Kidetasuna, influentzia
Etxepareren lana herri-poesiari oso lotua dago, bai izpirituz, bai hizkeraz eta bai bertsoak egiteko eraz: euskal koblakari zaharren antz handia du.
Baina Euskal Herriko ez diren beste olerkarien kidetasunik ere aurkitzen zaio. Luis Mitxelenak, Villasantek, Sarasolak, Hitako artziprestearekin konbaratzen dute: biek agertzen duten sentsualismoa dela bide, eta biak apaiz izateagatik (gainera, biak gartzelan egonak dira).
Etxeparek tankera handia du Gonzalo de Berceo-rekin ere. Berceo eta Etxeparek «cuaderna via» erako bertso-neurkera erabiltzen dute gehienean (lau lerrotako bertsoak, rima berdinekoak edo berdintsukoak laurak). Andre Mariarenganako inbokazioek era berdintsuak dituzte autore bietan. Hizkuntzaren arkaismo sinplean eta gauzak zuzen-zuzenean adierazteko moduan ere, biak kideko ditugu. Ez dira galtzen erretorikaren korapiloetan; poesiako arau errazen eta elementalenei jarraituz egin dute beren lana.
Pobretasunak eta aberastasunak
Zenbait aldiz forma ez duela zaintzen ematen du Etxeparek. Rima pobrea du batzuetan, behin eta berriz rima eta hitz bera erabiltzen dituelarik. Bestetan, berriz, forma-aldetik ere edertasun eta aberastasun haundia lortzen du. Sujerentzi indar handiko poesi imajinak ba ditu; alusioz ere askotan aritzen da, batez ere amodio-poesietan; amodioari dagokion pikareska-grazia ere oso ongi adierazia dago.
Actualmente hay 1 usuarios viendo este tema. (0 miembros y 1 visitantes)
Marcadores